2015(e)ko irailaren 17(a), osteguna

«Antsietatearekin eta depresioarekin lotutako arazoak dira nagusi»

Nafarroako Anasaps elkarteak 25 urte bete ditu, eta egun hori ospatzeko, buruko osasunari buruzko jardunaldiak egin ditu Tuteran eta Iruñean. Hizlarietako bat izan da Nafarroako Buruko Osasun Zerbitzuko buru Victor Peralta medikua. Nabarmendu du buruko osasun zentroetara jotzen duten herritarren kopuruak gora egin duela azken urteotan.

Buruko Osasuneko zerbitzuak 19.800 pertsona artatu zituen iaz, Nafarroan; 2005ean baino 1.700 gehiago. Zein da nafarren adimen osasunari buruzko diagnostikoa?

Datuek agerian uzten dute gero eta jende gehiagok jotzen duela buruko osasuneko zerbitzuetara. Gero eta arazo gehiago dago buruko osasunarekin lotuta, eta herritarrek gero eta gehiago jotzen dute arazo horiek konpontzeko laguntzaren bila.

Gehiago kezkatzen gaitu gure buruko osasunak?

Bai. Lehen arazoak ezkutatzen ziren; orain laguntzaren bila jotzen dugu. Hala ere, egia da sufrimenduari aurre egiteko gaitasuna ere galdu dugula. Gaizki sentitu, eta berehala jotzen dugu medikuengana.

Behar baino gehiago?

Kasu anitzetan, bai. Gure egoera psikologikoak gure egunerokoari eragiten dioenean bilatu behar dugu laguntza. Depresioaz ari bagara, adibidez, gauza bat da triste egotea, arrazoi jakin batengatik. Denoi gertatzen zaigu. Normala da. Eguneroko arazoei aurre egiten jakin behar dugu, horretarako tresnak bilatu. Gaitasun hori da buruko osasunaren adierazle nagusia. Tristura eragiten digun arrazoiaren eta eragiten dizkigun ondorioen artean alde handia dagoenean, orduan kezkatu behar dugu. Arrazoirik gabe triste bagaude, orduan kezkatu behar dugu, eta laguntza bila jo osasun zentroetara.

Oraingo krisi egoerak izan du eraginik gaixoen kopuruaren igoeran?


Azken hogei urteotan egin du gora buruko osasun zentroetara jotzen duten pertsonen kopuruak. Krisiaren eraginez gorakadarik ez dugu sumatu, oraingoz. Ez dugu eragin zuzena sumatu, bai, ordea, zeharkakoa, krisiaren ondorioz laguntza arlo pribatuan eskatzen zutenek sare publikora jotzen dutelako orain.

Hemendik hainbat urtetara sumatuko da krisiaren eragina gehiago?

Ziur naiz baietz. Krisiaren eraginak alkoholaren eta drogen kontsumoan izanen du eragina, batez ere. Hori hala dela erakusten duten hamaika ikerketa dago. Kontsumo hori arazo bilakatzen denean joko dute pertsona horiek gugana.

Artatzen dituzuen pertsonak kontuan hartuta, zeintzuk dira ageri diren buruko arazo nagusiak?

Buruko gaitz nagusiak dira oso larritzat jotzen ez direnak. Gaizki erabilitako izendapena da, batentzat larri dena akaso bertze batentzat ez delako, bere baldintzen eta baliabideen arabera. Nolanahi ere, buruko gaitz bat dutenen artean hirutik bik buruko nahasmendu ez oso larriak dituzte. Horien artean antsietatearekin eta depresioarekin lotutako arazoak nagusitzen dira, argi eta garbi. Herenak dira, berriz, buruko nahasmendu larritzat jotzen direnak dituztenak. Eskizofrenia nagusitzen da horien artean. Haurrei eragiten dien nahasmendu bat ere aipatu beharra dago, adin tarte horri zehazki dagokion arazoa delako: arreta faltak sortzen duen nahasmendua-hiperaktibitatea.

Gobernuak onartu du 2012-2016rako buruko osasunari buruzko plan estrategikoa. Zer ildo nagusi ditu?

Gora egiten duen eskaerari erantzuna ematea da erronka. Planak zehazten du lantaldea handitu behar dela, bai eta zerbitzu gehiago eskaini behar direla ere. Kontua da buruko osasunaren esparruan «baliabide defizit historikoa» izan dugula. Buruko osasun arazoak dituzten gaixoak ikusezin izan dira, eta administrazioak ere bazter utzi ditu neurri handi batean. Gauzak aldatzen hasi dira orain. Eguneko ospitale psikogeriatrikoa jarri da martxan duela gutxi, adibidez. Haur eta gazteentzat ere zerbitzu bereziak jarriko ditugu martxan.

Arazoei aurrea hartzea ere lehentasuna da zuentzat?

Bai. Horregatik garrantzitsua da haur eta gazteei arreta berezia eta egokia eskaintzea. Zorionez, haur eta gazteen gurasoen artean bada kezka, eta arazoren bat sumatzen dutenean buruko osasun zentroetara jotzen dute.

Zerbitzu gehiago jarriko da martxan, diozunez. Gaitz larriak dituztenentzat ere bai?

Oraindik ere gabeziak badira esparru horretan, baina plana garatuz konpontzea espero dugu. Gabezia nagusia luzez ospitaleratu beharreko gaixoak artatzeko baliabideen esparrukoa da. Ospitale psikiatrikoa itxi zenetik, familiak bilakatu dira gaitz larriak dituztenen aterpe. Haien beharrak bete gabe daude, oraindik ere. Plan estrategikoak, dena den, aurreikusten du San Frantzisko Xabier zentroan epe ertainerako eta luzerako ospitaleratzea behar dutenentzako unitatea sortzea, gehienez ere urtebete egoteko aukera emanen duena.

Oraindik ere estigma pairatzen dute buruko osasun arazoak dituzten pertsonek?

Bai. Mende luzez elikatutako estigma da hori, eta zaila da aurre egitea. Horregatik, garrantzitsua da buruko osasun arazoak dituztenak ikusgai bilakatzea. Ikusezin dira, oraindik ere, neurri handi batean. Bazter uzten ditugu. Ezjakintasuna da nagusi, eta ezagutzen ez dugunak beldurtzen gaitu. Administrazioak egin behar du lan estigma horren aurka. Kudeatzaileek, politikariek... Denok dugu ardura.

berria.info webgunetik hartutako erreportaia

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina